Urtarrilaren 20an Eskibel-Erain konpainia osatzen duten ikasleek emozioz beteriko egun bat bizi izan zuten danborradan parte hartuz. Jantzi eta upelak estreinatu zituzten aurrenekoz aritu ziren sukaldariak.

Aurten inork ez zion zeruari begiratzen baina bai termometroei. Hotzak ez zion distira eta kolore izpirik kendu ospakizunari.Urtero bezala gure ikasleak 09:00etan elkartu ziren Eskibelen konpainia osatzeko, jantziari azken ukituak emateko eta “upelak eta danborrak” berotzeko. Pistari hainbat bira eman ondoren haur danborradaren errepertorio guztia joz autobusetara igo ziren Alderdi Ederrera joateko. Beste 4.700 umeekin batera, Donostiako martxa jotzean sentitu zuten zirrara kontaezina da. Gero, hiriko kaleetan zehar egindako ibilbidea, etxekoak eta lagunak agurtzen zituzten bitartean. Zein azkar bukatu den! Askok festaz gozatzen jarraitu zuten arratsaldean helduen danborradekin.

Espero dugu argazki erreportaje zabalarekin gozatuko duzuela.