Apirilaren 19an Aita Menni ospitaleko zuzendari Mikel Tellaechek Batxilergoko ikasleentzako hitzaldia prestatu zuen, bertan, Liberiako egoeraren berri eman eta Ahizpa Ospitalariek eta San Juan de Diosko anaiek ematen duten laguntzaren inguruko azalpenak eman zizkien.
Hasteko Liberiaren historia eta momentuko egoera aurkeztu zituen; historia labur baina gerra zibil, ustelkeria eta ondorioz, txirotasun ugariko herrialdea. 4 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta soilik 150 mediku, hauetatik erdiak kudeaketa lanetara mugatzen direlarik, hau da, gaixorik ikusi gabe.
San Juan de Diosko anaien Saint Joseph ospitalea Liberia guztiko handiena eta egokiena da eta biztanle guztiei laguntzen jarduten du. 2014ko Ebola epidemiaren eraginez, itxi egin behar izan zuten, hamaika mila hildako baino gehiago utzi baitzituen, horietatik 8 ospitaleko langileak hain zuzen. Lau hilabeteren buruan ireki zen baina, laguntzeko gaitasun mugatuaz, izan ere, Ebolarekiko segurtasun neurriek ez zuten aukera gehiagorik ematen. Pixkanaka aurreko jarduera berreskuratzen ari da ospitalea.
Bestalde, Ahizpa Ospitalariek garuneko osasun etxe bat –Liberiako bakarra- mantentzen dute, eta orain dela gutxi “We are like you” programa hasi zuten, garuneko gaixotasunak dituzten gaixoei ematen zaien zaintza hobetzeko eta zabaltzeko. Hauek baitira Afrikako ahaztuetarik ahaztuenak. Biztanleriaren gehiengoaren hezkuntza eskasiaren eraginez, gaixo hauek Jainkoak zigortu dituela uste izaten dute, eta ondorioz, baztertuak nahiz katez lotuak izan ohi dira.