Otsailaren 11n Adrian Cano psikiatrak, Nafarroako Unibertsitateko Familia-Terapia eta Diagnosi Unitateko zuzendariak saio interesgarri hau eman zuen.
Cano medikuak hasi zuen hitzaldia zenbait datu kezkagarri emanez. Estatistika Institutuaren arabera gero eta haur gutxiago jaiotzen dira eta gero eta beranduago; gero eta ezkontza gutxiago daude eta beranduago ezkontzen gara eta tamalez gero eta senar emazte bikote gehiago hausten dira.
Egoera honi aurre egiteko Adrian Canok kontseilu praktikoak eskaini zizkigun gure elkarbizitza hobetzeko. Laburbilduz hauek lirateke: elkar-ezagutza hobetu, bikotea mirestu, bata bestearengana gerturatu, beste bikotekidearen eragina onartu eta festak familian ospatu.
Familiaren elkarbizitzan sortzen diren arazoak konpontzeko ere eman zizkigun zenbait aholku. Garrantzitsua da, esan zuen, arazo konponezinak eta konpon daitezkeenak bereiztea. Lehenengoei buruz, gehienak, onartu behar da gure bizitzako parte izango direla, ez dela beharrezkoa hauek ebaztea zoriontsu izateko eta beraiekin bizitzen ikasi behar dugula umore onez.
Bigarrenei buruz, konpon daitezkeenei alegia, egoki konpondu nahi baditugu, garrantzitsua da ulertzea eta adieraztea bestearen pertsonalitatearen onarpena (ez aurpegiratu bere akatsak edota izaera), ziur egon inork ez duela arrazoi osoa, barkatzen jakin eta gorrotoa ekidin eta gure komunikazioa hobetu. Zehazki gomendatu zigun: besteari errua bota gabe kexatu, “ni”rekin hasten diren esaldiak erabili eta ez “zu”rekin hasten direnak, esan gertatzen dena baloratu edo epaitu gabe, argi adierazi esan beharrekoa, adeitsu eta esker oneko izan, eta arazoak errespetatzea.