Miatzaren 20an XXXV. Promozioko nesken agur ekitaldia ospatu genuen.

Ospakizuna 19.30etan hasi genuen Pedro Luis ikastetxeko kapilauak gidatutako Meza Santuarekin. Predikuan ikasleei doazen lekura doazela emakume kristau modura bizitzeko deia zabaldu zien eta “gauzak beti horrela egin dira” bezalako esaldien aurrean gauzak aldatzeko gogorik ez galtzeko eskatu zien.

Ondoren, ekitaldi akademikoa ospatu zen. Honetarako, José Ramón Ayllón, Nafarroako Unibertsitateko Antropologia irakasle, filosofo eta idazlea, izan genuen gonbidatu. Literaturaren eta giza izaeraren ezagutzaren bi adituren inguruan hitz egin zigun: Shakespeare eta Cervantes. Hitzaldi honi esker, Cervantesen bizitzan sakondu ahal izan genuen, horrela, herrialde asko ezagutu eta esperientzia asko bizi izan ahal zituela jakin genuen, eta horrek eraman zuela “Kixote” bezalako altxor bat idaztera.

Ondoren, Eskibelgo zuzendari Marta Tellaechek, amaiera hitzaldia egin zuen, gurasoei, irakasleei nahiz irakasle ez diren langileei urteetako lana eskertuz. Ikasleei ere ikastetxean nahiz beren familian ikasitako balioei jarraiki bizitzeko eskatu zien, horretarako, beren bizitzaren inguruan hausnartzeko gonbidapena luzatuz. Honekin batera, ikastetxearen zenbait balio oinarrizko gogorarazi zizkiena: ondo egindako lana, besteenganako maitasuna eta bizitza kristaua.

Azkenik, ikasturteko ordezkari Lucia Alonsok hartu zuen hitza eta XXXV. Promozioko ikasleen bizitza gogoratu zuen, ikaskideen pasadizo atseginak tartekatuz.
Amaieran, Lourdes Lasa tutoreak opari batzuk egin zizkien ikasleei eta hauek ikastetxean izandako bidearen inguruko laburpen bideo bat ikusi genuen.